XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Gipuzkoa`ko sagardo-gizon berezienak ba-zekien egunez aurretik noiztxo saltzera jarriko zuten.

Ta oien esanetara, ospea ta fama edatu zutelarik bazijoazten araruntz, bere ezpartzin ta alkandora edurberri bezin zuriak soiñean zituztela, makilla esku batean ta bestean, zenbaitzuk, jana sortuko ote edo beldurrez, bere kaxuelkada upar-zabalak.

Edatia ez zan besterik ere ba-zeramaten buruan.

Sagardozale ezezik mendizale ba-da euzkalduna.

Ta nolatan ez joan mendirik-mendi egun artako giro bikaña ontzat arturik?.

Beribilletan edo bultzian, patxada ederrian joan zitezkean, baño...

Udaberri asiera zan.

Itxas-aize epel eta aul batek muxukatzen zituan mendi malkarrak, doi-doi ta emeki dantzaraziaz zugaztietan jaioberritzen asiak zeuden orri borboillak.

Aizearen garbiak bertaratzen zituan begientzat katalejoaren antzera muño ta mendi, zakon ta gallur, baso ta zelaidiak, nabarmendurik batzuek besteengandik eta bereziturik beroien muga lerroak.

Igazitako negu luze artan eroritako euri ta edurrak, ba-zirudian garbitu zituztela mendi ta zelaietako orlegi mota guztiak, ederturik eta dizdirakorrago utziaz milla orlegi margozko zapiak etxekoandre maratzak oi duten antzo ta mendi gallurretatik zintzilikaturik utziaz, eguzki ta zeru printzaz josirik, legortu zitezen...

Belardietan, San Jose loreak bete-betian altxatzen ziran, bañan agiri ziran beste lora batzuez naasirik, pinportatuaz belar gizenaren margoa, puluntpatzen ziradenian aizearen bultzada eme goxoaz.

Xoxoa ta birigarroa txor-txor azaltzen ziran bide baztarretako sasi artetik eta ego bizian igesiten zuten, geriz zugaztietara, gerezi gorri goiztarren bat arkituko ote zuten edo...

Mendi ospel aldean ez bakarrik, bide baztarretan ere, eguzkia sartzen ez zan baztarretan ere oraindik goizeko intza dir-diraz betea azaltzen zan arripitxizko dir-dai ta edertasun emanik belar buru ta osto gazte garbiei.

Iñoiziñoiz, lotsaz bezela bere arpegi zuri-gorritzen asia azaltzen zan baso-marrubi jaio berrien batek, ibilkarien begien jolaserako ta ibiliak legortutako ao-zapaien atsegiñerako.

Aurrean zegoan Aia`ko Arria eskuz artu zitezkeala ba-zirudian; ain garbi, gertu ta lerden ikusten zan!.